Urte askotan zehar, Igantziko La Villa jatetxea izan zen leku horietako bat, norberari itzuli nahi izatea eragiten dion guztia biltzen zuena. Produktu ona, elaborazio ona, zerbitzu ona eta bezeroa etxean bezala sentiarazten zuen familia-tratu hori. Horri gehitzen badiozu prezioa ere atsegina zela, formula ezin hobea lortzen duzu. Bortzirietako bihotzean kokatua, Irun eta iparraldeko mugatik pauso batera, inguruko oso jende gutxik eutsi ahal izan zion tentazio horri. Elizatean kokatua, XVI. mendeko etxe zahar neoklasikoak, udal-titulartasuneko, bere izarra itzaltzen ikusi zuen. Udalak, berriz alokatzeko saiakerak huts egin ondoren eta eraikina bera oso hondatuta zegoela egiaztatu ondoren, eraikinaren eraberritze integralari ekitea erabaki zuen, bere historiari ohore egingo zion, eta Igantziko bizitza sozialaren birika bihurtuko zen eraikin bat bultzatzeko asmoz. Proiektua besteak beste, Nafarroako Euskal Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) banatzen duen saria bezalako sari aipagarriaren jabe den RUE Space estudioaren eskutan utzi zuen.
Kanpoaldean, aldaketa nabarmenena iparraldeko fatxadarena da; bertan, eraikin zaharrari atxikitako espazio berri bat sortzen da, taberna eta lorategia lotzen dituena, eta hori da zaharraren eta berriaren arteko desberdintasun nagusietako bat, benetako iraultza barrualdean gertatzen baita. Orain, taberna eta jatetxea lehen solairuan daude, sukaldea erdian dutela. Horrela, barra eta jangela modu erosoan hornituko ditu. Gainera, karga jasogailua duen, eta beheko solairuan kokaturiko biltegira sartzeko barne-eskailera bat izango du. Bertze aldetik, kopuru gehigarririk ordaindu gabe, esleipena lortzen duenak bainugelarekin prestatutako gela bat izango du eraikineko ganbaran, eta bertan atseden hartu ahal izango du, baita gaua eman ere, behar baldin badu.
Jakina, irisgarritasuna bermatuta egongo da bezeroentzat; izan ere, bertze berrikuntzetako bat da eraikinak igogailua izango duela, baita lorategirako ere.
Elizatea eraikin bizi bihurtzeko ahaleginean, udalak bigarren solairua Igantziko Biltoki elkarteari utziko dio. Elkarteak 40 urte baino gehiago daramatza kultur eta kirol ekitaldiak bultzatzen, eta, era berean, egungo espazioa utziko du eskola handitzeko. Azkenik, beheko solairuan erabilera anitzeko gela bat izango dugu, bilerak, tailerrak, erakusketa txikiak, etab. egiteko.
Proiektua anbizio handikoa eta zeharkakoa denez, erran behar dugu Nafarroako gobernuaren proiektu estrategikoen zuzendaritzak oso positibotzat jo zuela, eta, zalantzarik gabe, 200.000 €jarri zituela proiektua gauzatzeko.
Gaur egun, obrek azken txanpan daude, eta La Villa taberna- jatetxea, orain bai, instalaziorik modernoenez hornitua, enkante publikora aterako da laster, bere historiaren eta horrelako proiektu batek merezi duen etorkizunaren mailan egoteko gai direnen bila. Abiapuntua altu dago, baina ziur gaude talentuarekin, ilusioarekin eta behar den ahaleginarekin, merezi duen lekura eramango dutela la Villa jatetxea.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Igantziko udaletxera. Gustura erantzungo dizuegu 948637781 telefonoan edo bulegoa@igantzi.eus helbide elektronikoan.
HISTORIA EGINEZ..
Igantzin dago kokatua Elizatea etxea, Nafarroako Bortzirietako batean. Bere izenak adierazten duen bezala, elizaren ondoan dago, herriko plazan.
Ez da erraza zehazki jakitea zein urtetan izan zen eraikia, baina XVI. mendera garamatzate aurkitutako idatzizko bere erreferentziarik zaharrenek. Hauxe dio Nafarroako Artxibategiko notaritza protokoloetako batek:
Lesakako Ariztoy notarioaren ezkontza protokolak [1584]: “En la Villa de Yançi, lunes primero de octubre de mil quinientos ochenta y quatro […] Ytem. La dicha Catelina de Eliçatea dixo que mantiene cinquenta y cinco ducados de legitima que abia de aber de la casa de Eliçatea sobra la casa llamada Errementa y sobre su guerta sitos en la dicha Villa de Yançi”.
Urte batzuk beranduago elizako artxiboko libururik zaharrenean, bataioen liburuan, bertze hau aurkitzen ahal dugu:
Igantziko Elizako artxiboa [3. Liburua, 2. Orria]: “A veynte de henero del año 1603 se baptizo Joanes de Azpilcueta, hijo legítimo de Miguel de Azpilcueta y Marisanz de Eliçatea, fueron compadres Joanes de Yrigoyen y Maria de Machicote.”
Ez seguraski gaur egun ezagutzen dugun egiturarekin, baina garbi dago Igantziko herriguneko etxerik zaharrenetako dela Elizatea. Jabetza pribatuko etxea izan zen XVIII. mendeko hondar aldera arte. Bitarte horretan, Elizatea “palacio de cavo de armería” izendatzeko eskaria egin zuen bere jabeak, Juan Etxeberria Etxenike arnegiarrak. Herriko Etxeak ez zion gradu hori aitortu nahi izan:
“Aver gastado treinta y un reales […] al lizenciado Josseph de Echauri por dos escritos que hizo ambos contra Juan de Echenique Navarro, el uno sobre que contradecia la Villa que la casa de Elizatea no fuese de cavo de armeria.”
Laburbilduz, aipatutako Juan Etxenikeren semeak, Josseph Anttoniok, zorrak pilatu zituela erranen genuke, Herriko Etxearekin bertzeak bertze. Bertze hartzekodunekin hainbat eztabaida izan ondotik etxea bereganatzea lortu zuen azkenean Herriko Etxeak:
1788, Herriko Etxeko artxiboa, 17.Liburua: “doscientos noventa y seis reales y un marvedí cobrados de los acreedores del enunciado Josspeh de Echeverri por los gastos originados en el (¿?) que hizo esta Villa contra dichos acreedores sobre la ultima valuazion de la referida Casa Concegil en que fueron condenados como consta por la sentencia pronuncidad en 19 de julio”.
1788, Herriko Etxeko artxiboa, 17.Liburua: “doze mil ciento setenta y un reales cinco marvedies que se han extraido de la Arca de tres llaves para parte de pago de la nueva casa concegil que esta Villa ha comprado con permiso del Real Consejo”.
Elizatea erosi ondoko garaietan, behin baino gehiagotan egon ziren okupatuak bi eraikinak, Herriko etxe zaharra eta berria, gerrak zirela medio. Batzutan frantsesak izan ziren okupatzaile [Konbentzio eta Independentzia gerretan]. Bertze behin gutienez, frantsesen aurka borrokatzera etorritakoak eduki zuten eurenganatua. Dokumentatua dago:
1796, Herriko Etxeko artxiboa, 16. Liburua, 4. Xorta: “ha hecho la Villa providencialmente, por oviar mayores daños, varias obras y reparos por hallarse inavittable, a causa de haver servido para quarttel de los franceses al ttiempo de su permanencia en estta Villa”,
1814, Herriko Etxeko artxiboa, 13. Liburua, 10. xorta: “composicion de la casa Concejil Nueva y su segundo por haver quemado varias tablas y bancos las tropas de Longa que sirvio de Hospital”.
Erosi bezain abudo eta aipatu berri ditugun okupazioak alde batera utzita, Elizatea errentan ematen hasi zen Herriko Etxea. Datarengatik hau izanen da seguraski lehenbizikoa:
1788, Herriko Etxeko artxiboa, 17.Liburua: “Rata de la renta de Elizatea: Quatro ducados cobrados de Magdalena Oyanarte y Juana Mª de Apezachea ynquilinas que han sido en la nueba casa conzejil que esta Villa a comprado con permiso del Real Consejo”.
Enkantean esleiten zuten etxea eta bada artxiboan horri buruzko papera xorta polita (1869, Herriko Etxeko artxiboa, 18. Kaxa, 10. Xorta).
Etxe honetaz ezaguna eta hurbila zaigun istoriarekin lotzeko, XIX. mendean bereziki interesatzen zaizkigun maixterrak hauexek dira: Maria Josefa Senper Altzuri [1852-1924]. Plazentako alaba, eta Juan Felipe Lizardi Goñi [1832-1909] berrizaundarra, senar-emazteak. 1885a inguruan Elizatea enkantean hartzerakoan ia-ia mende bat iraun zuen ostalari leinua sortu zuen. 1889ko katastroan ageri da Maria Josefa “edari saltzaile” bezala (1889, 33. Kaxa, 29. Xorta) eta urte mordoxka beranduago eskari hauxe egin zuen Felipe bere senarrak:
1903, Herriko Etxeko artxiboa, 16. Kaxa, 22. Xorta: “Felipe Lizardi, pide cerrar el local que hay entre las dos puertas principales de la casa y abrir una ventana que de a la carretera, para trasladar el estanco a la planta baja de la casa”.
Hariarekin jarraituz, 9 seme-alaba izan zuen bikoteak eta horietako bi agertzen dira Elizateari lotuak: Raimundo Lizardi Senper [1886-¿?] eta Felipe [1892-1944]. Lehenbizikoari buruz anotazio hauxe dago 1926an.
1926, Herriko Etxeko artxiboa, 75. Kaxa, 23. Liburua: “Raimundo Lizardi […] tiene inscritos un taller de carpintería y la posada situados en la casa de la Villa”.
Baina urte batzuk beranduago, gerra akabilan, Felipe da aldaketa haundiak egiteko baimenaren eskatzailea, hil baino guti lehenago:
1939, Herriko Etxeko artxiboa, 73. liburua, 34. xorta: “Instancia suscrita por el arrendatario de la casa Consistorial Don Felipe Lizardi Semper en la que suplica a la misma realice por cuenta de este municipio la obras necesarias para la instalación de una taberna en la planta baja de la Casa Consistorial”.
Xehetasun gehiago urte bereko bertze honetan:
1939, Herriko Etxeko artxiboa, 93. kaxa, 1. xorta: “desea instalar [Felipe Lizardi] en la parte delantera de la casa Consistorial y en la parte que es cuadra, la taberna que tiene en el piso”.
Nemexi Yanci Petrikorena [1894-1959] izan zen Feliperen emaztea eta bere erreferentziak dira gure belaunaldikoei garbiago ailegatu zaizkigunak. 13 senideko familikoa zen Nemexi, Berrizaungo Bentako Monica eta Paulo bertsolariarekin batera, bertzeak bertze.
Lizarditarren leinuak Elizatearekin izan duen harremana osatzeko, azken bi belaunaldiak aipatuko ditugu: Antonio Lizardi Yanci eta Mari Paz Tranche Etxeberria, alde batetik, eta euren seme-alabak, bertzetik. La Villa markaren sortzaile izateaz gain, leku gutitan herriko fonda batek ezagutu duen mailara eraman zuten Elizatea, nonahi aipatu eta ezaguna baita oraindik.
1976ko irailan utzi zuten lizarditarrek Elizatea eta, ondorioz, La Villa Jatetxea. Javier Aranguren Diezek hartu zien txanda eta 12 urte beranduago, zendu zenean, bere emazte Kontxita Bizentek jarraitu zuen 2.005. urtera arte. Garai oparoa osatu zuten senar-emazteek, eskarmentu haundiko profesionalak izaki, eta jarraipen ezin duinagoa izan zuen alde horretatik Elizateak hogeita hamar urtez.
Geroztik, 2019an itxi zen arte, aunitz izan dira Elizatean lanean aritu izan direnak, baina inork ez modu iraunkorrean. Orohar, hagitz irregularra izan da azken hamabortz urteetako zerbitzua. Egia da ere ostalaritzaren ohiturak eta beharrak aunitz aldatu direla azken hamarkadetan.
Herriko Etxea
Orain arte behin baino gehiagotan aipatua ikusi dugun bezala, IXX. eta XX. mendeetan Herriko Etxea ere izan da Elizatea, 1780a. Etxearen bigarren solairuan izan ditu epe horretan Batzar aretoa, bulegoa eta artxiboa. Herriko Etxe “zaharraren” egoitza, berriz, bertze betebehar batzutarako erabilia izan da bi mende horietan: Eskola izan da denbora luzez [hortiz Eskolzar izena], ostatu, maiestruen bizileku, gartzela ere bertan izan da beti, maixterrak ere bizi izan dira, banketxe batek ere bertan izan du egoitza urte luzez, etabar…
XXI. mendearen hasieran Herriko Etxe zaharra moldatu egin zen eta bertara itzuli da Herriko Etxearen egoitza. Elizatea, berfriz, moldaketa lanetan dago murgildua.